Lehenengo urteak

Mary Ward 1585eko urtarrilaren 23an jaio zen Northumberland Konderrian, York iparraldean. Marmaduke Ward eta Ursula Wright senar-emazteen lehen fruitua izan zen.

Haurtzaroan, familiak etengabe aldatu behar izan zuen etxez. Horrela hasi zuen oso txikitatik Maryk batetik besterako erromesaldia; bizitza oso modu berezian markatu zion hark eta “Jainkoaren patuetako betiko erromes” dei geniezaioke.

Haurtzaroko azken etapa lehengusuen etxean igaro zuen, Bapthorpe familiaren etxean. Han igaro zituen ia zazpi urte haietan hazi eta heldu egin zen bere barnean bokazio erlijiosoaren ideia.
 
Maryk bazekien bokazioa gauzatzeko Ingalaterra utzi beharko zuela. Erlijio-ordenarik bereziki ezagutzen ez zuenez, eta komunitate erlijiosoak sakabanatu eta desagerrarazi zituen jazarpen eta heresia giro hartan informatzeko bitartekorik ere ez zuenez, kontinenteko komenturen batean sartzea erabaki zuen; Herbehereak aukeratu zituen, beste hainbat herrikidek egiten zuen moduan.

Aitaren baimena jaso ondoren, aberria atzean utzi eta ezezaguna zuen herrialderantz abiatu zen. 1606. urtea zen. Maryren bizitza une hartan zalantza mordoa zen. Bidaiaren helmuga Saint Omer izan zen, Espainiako koroaren domeinua eta Austriako Albertok eta Isabel Clara Eugeniak –Felipe II.aren alaba kutunenak– gobernatua. Calais-ekin zuen gertutasunak eta giro katolikoak toki ezin hobea bihurtzen zuten askotariko erlijio-ordenak bertan topatzeko. Hori horrela, Ingalaterratik erbesteratutako neska gazteentzako klaratar komentua sortzea erabaki zuen. Gauzak, ordea, berehala aldatu ziren berriro. 1606ko maiatzaren 2an, Jainkoak zerbait garrantzitsuagoa egiteko bere buruaz baliatu nahi zuela jakinarazi zion.

Jainkoak ez zion klaustroko kontenplaziozko erretirora dei egin, bandera jaso eta bere inguruan fedearen defentsan aktiboki parte hartzeko eta erreforma katolikoa zabaltzeko prest egongo zen emakume taldea biltzera baizik. Londresera itzuli zen han ahalik eta mesede handiena egiteko zuzeneko zabalkundean: txiroekin, aberatsekin, gaixoekin, bere beharra zuen guztiekin... besteei zerbitzatzeko bide berriak zabaltzen zitzaizkiola ikusi zuen, ordura arte susmagaitzak zirenak emakumeentzako. Horrela, bizimodu erlijioso apostoliko berriari ekin zion.

Giro heroiko hartan, Mary Warden bokazioa behin betiko heldutasunera iritsi zen. Erraz mugitzeko moduko kongregazio femeninoa sortzeko premia ikusi zuen, klaustrorik gabea, monasterioko abiturik gabea; fedea defendatu eta sustatzeko hainbat eginkizunez arduratuko zen, arreta berezia ipiniz gazteengan.