Institutuaren sorrera

Oparotasun garaia izan zen, baina 1631ko urtarrilaren 13an zapuztu zen; izan ere, Urbano VIII.ak "Pastoralis Romani Pontificis" bulda izenpetu eta argitaratu zuen, Egoitza Santuak ordura arte igorritako gogorrenetakoa. Bertan, salaketa bidegabeak atzematen ziren eta Institutua kentzeko agindua ematen zen.

Urte hartako otsailaren 7an Mary kartzelaratu egin zuten Munichen, Inkisizioaren aginduz, “Eliza Santuarekiko heretiko, zismatiko eta erreboltari” izateaz akusatuta. Fundatzailearen kargu-kentzearen eta kartzelaratzearen ondoren, hamaika etxe itxi ziren eta 300 erlijiosori botoak barkatu zitzaizkien, beren etxeetara itzul zitezen: italiarrak, espainiarrak, frantsesak, alemanak, flandestarrak, buhameak, hungariarrak, austriarrak eta irlandarrak zeuden institutuan.

Apirilean Mary kartzelatik atera eta Erromara joan zen. Han Urbano VIII.ak, Mary Warden nortasunarekin txundituta, Erroman etxe txikia zabaltzeko baimena eman zuen.

Emakume taldea bere eskuetan jarri zen erabat, noranahi jarraituko zioten. 1609. urtea zen. Saint Omarera itzuli zen haietako bost emakumerekin batera. Bizimodu komunitarioa egin zuten han eta gazteen hezkuntzan jardun ziren; handik oso gertu jesuitek zuten estiloko lehen ikastetxea sortu zuten. Hura izan zen sortuko zuen Institutu berriaren hasiera xumea.

1611. urtean, Institutu hasiberriaren eginkizun apostolikoa behin betiko bideratuko zuen argi berezia heldu zitzaion. Nuntzioari idatzitako gutunean jesuiten arau berak onartzeko nahia adierazi zuen, bai edukiari dagokionez, bai formari dagokionez; Jainkoak sexu aniztasuna dela eta debekatutakoa soilik salbuetsiz.

Saint Omeren ondoren, Mary Wardek sortu zuen lehen etxea Londreskoa izan zen, 1613an. Normala zen Maryk Institutuko oinarriak behin betiko finkatu nahi izatea; hortaz, Erromara joatea erabaki zuen auzia pertsonalki kudeatzeko Egoitza Santuaren aurrean, hau da, Institutuaren onespena lortzeko. 1621. urtea zen.

Gregorio XV.ak egin zion harrera Maryri eta “Jainkoak garaiz begiratu dio bere elizari” baieztatuz Erroman ikastetxea zabaltzeko baimena eman zion. Gero, Napolin eta Perugian sortu zituen ikastetxeak. Beranduago, Maryk urratsak Baviera katolikorantz bideratzea erabaki zuen.

Urte batzuk beranduago, Mary Ward Yorken hil zen. Hilarrian hitz hauek irakur ditzakegu: “Txiroak maitatzea, maitasun horri eustea, bizitzea, hiltzea eta haiekin berpiztea, hori izan zen Mary Warden helburu eta asmo bakarra. 60 urte eta 8 egun bizi ondoren, 1645eko urtarrilaren 30ean hil zen".

Bizitzatik alde egin zuen hainbeste urtetako lana ezereztuta ikusten duenaren itxurazko porrotarekin, baina guztiaren gainetik Jainkoaren borondatea onartuz ezer ordainetan eskatu gabe ematen dakienaren bake eta lasaitasunarekin.

Erroman inork ez zuen pentsatzen jarraitzaile leial izaten jarraitu zuten haien taldetik egun arte indarrean dagoen Institutua sortuko zenik.