Gure Ikastetxeen hezkuntza-eginkizunak Jesusen Ebanjelioa du sorburu.
Mary Ward-ek 1609. urtean sortu zuen Institutua, Hezkuntzak bere garaiko gizartean zuen berebiziko garrantziaz ohartuta. Fedearen garapena landu nahi zuen bereziki, bai eta –historiaren une hartan– emakumearen hezkuntza ere. Horrenbestez, ondoko hau da gure Ikastetxeen funtsezko xedea: ebanjelizaziorako abiagune izatea.
Ikuspegi horretatik, haren karismari leial izaten ahalegintzen gara: Eliza zerbitzatzea, fedea zainduz eta sustatuz. Haren hezkuntza-planteamendua gure eginez, zenbait balore azpimarratzen ditugu eta pedagogia eta antolaketa jakin bat hautatzen dugu.
Mary Ward hil ostean, Institutua mundu osoan hedatu zen, eta haren hezkuntza-proiektua bost kontinenteetan zehar zabaldu da. Hezkuntza arloa bereizgarri historikoa da Andre Maria Birjina Dohatsuaren Institutuaren (AMBDI) eginkizunean.
Loiolako Inazioren espiritualtasunean sustraiturik, Mary Wardek uste zuen bai gizona eta bai emakumea Jainkoa gauza guztietan bilatzeko eta aurkitzeko gai zirela; horretarako, kalitate handiko heziketa eskaintzen zuen, bere ikasleak garai hartako gizarteari erantzun egokiak emateko prestatuz.
Egun, AMBDIk badaki, jakin, fedea zaindu eta garatzea ezinezkoa izango litzatekeela kulturen eta erlijioen arteko elkarrizketa sakona bultzatzeke. Izan ere, elkarrizketa garbi eta begirunetsuak tolerantzia eta elkar ulertze handiagora eroango gaitu. Aldi berean, tolerantziak eta elkarrekiko akordioak munduan bakea eta justizia bultzatzen laguntzen dute.
BALOREAK
AMBDIren Ikastetxeok transzendentziari zabalik dagoen prestakuntza eskaintzen dugu, zinez uste baitugu fedeak eta erlijioak gizakia gizakiagotzen dutela.
Hezkuntza eredu hori gure espiritaltasunaren berezko baloreak ditu oinarri:
-Askatasuna: Askatasuna barruko eta kanpoko baldintzapenetatik askatzeko prozesua da, urratsez urrats erdiesten dena. Askatasunak gugan erantzukizuna eta tolerantzia areagotzea eragiten du; izan ere, haren bidez gainerako pertsonen askatasuna errespetatzen ikasten dugu, pertsonen, taldeen eta herrien askatasuna murrizte, manipulatze eta zapaltze oro uxatuz.
-Justizia: Harreman pertsonal, ekonomiko eta politikoetan justiziari darion senez jarduteak pertsonen duintasuna errespetatu eta defendatzea dakar, bai eta bidegabeko egiturak eraldatzeko sentsibilitate berezi eta kontzientzia solidario sendoa ereitea ere. Justizia, Bakea eta Sorkuntzaren Osotasuna (JBSO) sustatzea Ebanjelioaren agindua da, eta bai lehenespena ere Institutuaren Ikastetxeetako hezkuntza ereduan.
-Egia: Egiaren bila gabiltza, aurreiritzirik gabe, espiritu kritikoa oinarri duen hausnarketaren bidez, egiak aske egingo gaituela sinesten baitugu: “Maita ezazu, eta uneoro egia esan” (M. Ward).
-Poza: Pertsonaren eta gizakion historiaren ikuspegi positiboa daukagu, eta horretarako xumetasuna, hurbiltasuna, abegi ona eta hurkotasuna sustatzen ditugu, balore horietan oinarritu behar baita hezitzaileen eta ikasleen ohiko aldartea.
Balore horien guztien oinarri gisa, gizakiarekiko errespetua aldarrikatzen dugu, eta bai Kreazioaren arduran parte hartzea ere.
Hain zuzen ere, funtsezko balore horiek oinarri dituen hezkuntza gauzatuko dugu, baldin eta gure Ikastetxeetako bizitzak Institutuak transmititu nahi duena egokiro hezurmamitzen badu, bai egituretan eta bai hezitzaileengan ere.